Bizkaiko Hitza Elkarrizketa

Bizkaiko Hitza Elkarrizketa

13/04/2012 HITZA

Bizimodua egiteko filosofia moduan ulertzen dute Ekologikoak izeneko proiektua Ian Badiola ondarroarrak eta haren familiak. Orain, bizimodua ulertzeko euren filosofia txertatu gura dute euren herrian, bereziki, baina baita Euskal Herri osoan ere. Horretarako, ordura arteko lana utzi, eta, ezerezetik abiatuta, mota guztietako produktu ekologikoak saltzeko Interneteko ataria (www.ekologikoak.com) eta Ondarroako Ikastola kalean dagoen denda zabaldu dituzte.
Zertan datza abiatu berri duzuen Ekologikoak proiektua?
Oraingoz, Ekologikoak denda bat da. Interneten eta Ondarroan modu fisikoan kokatuta dago. Hala eta guztiz ere, denda denborarekin eraiki nahi dugun proiektu osoago baten abiapuntua baino ez da. Behin dendarekin egonkortasun ekonomiko bat lortzen dugunean, benetan gogoko ditugun gauzak egiten hasteko intentzioadaukagu.
Zeintzuk dira benetan gustuko dituzuen gauza horiek,bada?
Zinema jaialdi bat antolatu edota produktu ekologikoz hornitutako azoka bat egin, adibidez. Hezkuntzan ere lanketa berezia egitea gustatuko litzaiguke; kalitatezko produktuak identifikatzen irakasteko edota janaria prestatzen irakasteko irakasgaia eskaintzea. Buruan ideia eta asmo ugari ditugu. Herritarren artean informazioa zabaldu behar dela uste dugu, eta guk horretan ere lan egin nahi genuke.
Noiz ekin zenioten proiektuari?
Proiektua gauzatzen joan den urteko maiatzean hasi ginen, baina pentsatzen denbora dezente daramagu; lau bat urte, hain zuzen ere. Egitura ematen aurretiaz hasi behar izaten da. Alemanian bizi izan nintzen garaian ezagutu nuen nire neska-laguna. Han, produktu ekologikoek alemaniarren artean duten harrera ezagutu ostean, hemen ere ekologikoen mundua zabaltzearen beharraz hausnartzen hasi ginen. Hemen ere, gero eta jende gehiagok egiten du elikadura osasungarriaren aldeko apustua. Nekazaritza ekologikoak gora egin du gurean ere azken urteetan. Guk, joera hori ikusita, eskari horri erantzuna eman gura izan diogu.
Zein ezberdintasun dago Alemaniako elikaduraren eta Euskal Herrikoaren artean?
Kuriosoa bada ere, hemen, oro har, Alemanian baino hobeto jaten dugu. Sukaldaritzari lotutako kultura bat daukagu, eta egunerokotasunean kontsumitzen ditugun produktuak kalitatezkoak dira. Alemaniari dagokionez, kalitatezko lehengaiak izan ez arren, produktu ekologikoak normalizatuta daude. Hemengo supermerkatu handien tamainako supermerkatuak daude han, baina soilik produktu ekologikoz hornituta. Horrez gain, prezioak ere normalizatuta daude. Ezberdintasun handiak daude hemengo eta hango prezioetan. Gurean produktu ekologikoak garestiagoak izan ohi dira.
Ekologikoen inguruan kontzientziazio handia dute,beraz,Alemanian?
Bai, dudarik gabe. Are gehiago, produktu ekologikoez gain, pentsaera ere beste era batekoa dutela esatera ausartuko nintzateke. Ingurumenaren zaintzarekin ardura handia dute, eta ardura hori egunerokotasunean txertatuta daukate. Ez da bakar batzuek aparte egindako hautu bat.
Prezioak aipatu dituzu. Egia al da ekologikoa etiketa duten produktuak garestiago izaten direla?
Gure dendaren kasuan, denetarik daukagu. Badaude produktu merkeak, baita gehiago balio dutenak ere. Jendartean zabaldutako beldur horren jakitun gara, eta, hasiera batean, guk ere gure aldetik ahalegin bat egin dugu, eta prezio merkeak jarri ditugu. Izan ere, ez genuke nahi gure dendan sartzen denak ekologikoa eta garestia elkarrekin lotzerik. Gauden egoeran jendeak prezioak asko begiratzen ditu, eta guk ulertzen dugu %100 ekologikoa kontsumitzea oso zaila dela, baina milaka produktu daude ekologikoak izan arren garestiagoak ez direnak. Edozein erosketa egiten dugunean bezala, produktu ekologikoekin ere aukeren artean bilatzen jakin behar da.
Abenduan ireki zenuten saltoki hau. Zer-nolako harrera izan du?
Gabonen kontuarekin-eta nahiko salmenta onak egin genituen Ondarroako dendan. Interneteko ataria mantsoago doa, baina gutxinaka- gutxinaka eskariak gorantz doaz.
Web atarian nahiz dendan zer-nolako produktuak aurki genitzake?
Web ataria eta denda zortzi ataletan antolatuta dago. Janariak, edariak, umeentzako produktuak (pardelak, kremak, esneak...), kosmetika, higienea, etxerako gauzak (zartagiak, garbiketako produktuak...), osasunarekin erlazionatutako produktuak eta opariak izenez izendatu dugun atala, non liburuak eta aromaterapiako produktuak aurki daitezkeen. Eskaintza zabala da.
Zeintzuk dira gehien saltzen dituzuen produktuak?
Olioa, adibidez, Nafarroakoa eta baita Andaluziakoa ere. Baita arrozak ere; batez ere Thailandiakoa. Jendeak guk saltzen duguna erosten du. Alegia, gure bezero asko entzuteko prest datoz, eta guk gomendatutakoa probatzen dute. Gehienak pozik bueltatzen dira hurrengoan; izan ere, guk saltzen ditugun produktuak guk ezagutu eta kontsumitzen ditugunak dira; beraz, ondo ezagutzen dugu saldutakoa.
Dendan salgai dituzuen produktu guztiak Euskal Herrian eskuratzen dituzue?
Saiatzen gara bertoko produktuak eskuratzen, baina produktu guztiekin ezinezkoa zaigu. Horrekin ere gure zalantzak izan ditugu, hornitzaile batzuekin lan egiteko orduan batez ere. Azken batean, ekologikoa izan arren esnea Italiatik ekarri behar badugu, ekologikoak bere zentzua galtzen du. Garraioa bera ez da ekologikoa. Hala ere, haiekin behar egitea luxua den hornitzaileak ere badira.
Adibidez?
Irunberrin infusioak egiten dituen elkarte batekin lan egiten dugu. Gizarteratze proiektu batean lan egiten dute, eta beharrizana dutenei lana emateko sortutako enpresa bat

Utilizamos cookies propias y de terceros para obtener datos estadísticos de la navegación de nuestros usuarios y mejorar nuestros servicios. Si acepta o continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aquí