Ondarroatik mundura, produktu ekologikoak sarean

Ondarroatik mundura, produktu ekologikoak sarean

15.02.2012 GARA


Etorkizuna Internet bezalako leiho komun eta zabalean dagoela uste dutenak gero eta gehiago dira. Zeresanik ez produktu ekologikoen defendatzaile sutsuen etengabeko gorakadaz. Filosofia horretan oinarrituta sortu dute Ekologikoak webgunea, baita izen bereko denda ere, Ondarroan.

Elikadura osasungarriaren aldeko apustua gero eta nabariagoa da azkenaldian. Horrekin batera, naturarekiko errespetua, tokian tokiko produktuen defentsa eta elikagai ekologikoak ere euren txokoa topatzen ari dira merkatuan, herriz herri gero eta gehiago izanik era honetako produktuak saltzen dituzten dendak. Ian Badiola ondarroarra ere konbentzituta dago joera ildo horretatik doala, Europako hainbat herrialdetan jada errealitatea da-eta. Pauso horiei jarraiki sortu berri du neska lagunarekin batera Ekologikoak izeneko webgunea. Eta sareko leiho zabalarekin uztartuta, Ondarroan ere denda bat ireki dute, izen berberekoa.
Proiektuaren erroetara jotzeko, lauzpabost urte atzera egin beharra dago, orduan hasi baitziren etorkizuneko proiektu baterako gogoeta egiten. Ian Badiolak zazpi urte eta erdi eman zituen atzerrian, Edinburgotik Alemaniara egin zuen salto, Heidelberg-era aurretik eta Dresden-era gero. Hiri horretako Hizkuntz Eskolan ezagutu zuen neska laguna, Marketa Kadlecova. Hau ere jaioterritik urrun zegoen orduan, eta Alemania utzi eta Pragara joan ziren, txekiarra baita izatez Kadlecova, ikasketak tarteko. Hiru urte eta erdi igaro ostean, oraingoz azken helmuga duten Ondarroan finkatu ziren, dena utzi eta hutsetik hasteko. Etxeko hirugarrena bidean zen.
Alemanian jasotako esperientzietatik hasi ziren proiektuari geldika-geldika forma ematen, Txekian. Alemanian produktu ekologikoen merkatua erabat normalizatuta dago, «beste mundu bat», Badiolaren hitzetan. Supermerkatuetan ere produktu ekologikoak saltzen dituzte eta ohikoa da horien erabilera. Ondarroar honen iritziz, hala ere, gurean hobeto elikatzen da jendea eta produktuak ere hobeak dira. Txekiari dagokionez, 2006tik 2009ra, produktu ekologikoen dendak dezente zabaldu ziren. Hiru urte horietan, hala ere, Alemaniako denda ekologiko bati erosteko ohitura zuten, Internet bidez. Eta hala piztu zitzaien argia: horrelako zerbait egin nahi zuten.
Azken emaitza Ekologikoak denda eta webgunea izan bada ere, orduan ez zekiten zertan amaituko zuten burutazio haiek. Sukaldaritza gustatzen zitzaien eta hortik jo nahi zutela argi zuten. Produktu ekologikoak Internet bidez erosteko Euskal Herrian aukera gutxi zegoela ere konturatu ziren, baina presio ekonomikoak komertzial lanetan murgiltzea ekarri zion Badiolari, eta buruan bueltaka zituen proiektuak une batez alde batera utzi behar izan zituen. Bi urte igaro zituen etxean adina denbora atzerrian ematen, urtean 90 egun bidaiatzen. Baina etxetik kanpo urteak emanak zituen, eta munduan zehar bidaiatzeko gosea jada ez zen hainbestekoa. Bizimodu hura etorkizunerako ez zutela nahi konturatu ziren, eta beste behin ere hutsetik hastea erabaki.
Produktu ekologikoen denda konbentzionala zabaltzeak ez zien, ordea, ehuneko ehunean konbentzitzen, batetik nahikoa badaudelako, eta bestetik, lotura izugarria eskatzen duelako. Beraz, webgune batekin uztartzea pentsatu zuten, hemen asko hedatu gabeko ildo bat zelakoan. Eta, hala, pasa den urteko maiatzean ekin zioten proiektua gauzatzeari, produktu ekologikoekiko eta sukaldaritzarako pasioak batuz.
Horrela sortu da www.ekologikoak.com ataria eta izen bereko Ondarroako denda, abenduan. Batean eta bestean 1.500 erreferentzia inguru daude janari, edari, umeentzako produktuak, kosmetika eta higiene kontuak, osasuna, etxea eta opariak tarteko. Produktuak dendan gordetzen dituzte eta nahi duenak bertan ikus eta eros ditzake. Internetetik zuzenean erostea da beste aukera, handik gutxi gorabehera 48 ordura etxean jasotzeko. Eskaera webgunean agertzen den telefonora deituz ere egin daiteke, eta nahi izanez gero dendara joan jasotzera, Ondarroako bizilagun dezentek egiten duten eran.
Garestiak ez, besteak dira merkeegiak
Globalizazioak merke eta arin elikatzeko ekarri duen ohiturak sekulako kaltea egin duela dio Badiolak, eta apurka-apurka hori baztertu egin behar dela. Produktu ekologikoak garestiak direla dioen iritziaren aurrean, berak dio «merkeegiak» direla zentro handietan saltzen dituzten produktuak. Berez kate motzetik lotuta dauden nekazariak baldintza itogarrietara bultzatzen dituztela, gainera.
Produktu ekologikoak sustatzeaz gain, ahalik eta hurbileneko produktuak saltzea ere bada Ekologikoak ekimenaren filosofiaren parte. Horrexegatik, eta aukera izanez gero, bertako ekoizleekin egiten dute lan. Euskal Herrian egindako kremak, belarrak, ardoak, marmeladak, olioak, eztiak... dituzte. Josenea enpresa da horietako bat, landa eremua sustatzea eta birgizarteratzea helburutzat hartuz sortu zen elkartea, eta Irunberrin du egoitza.
Ian Badiola gustura dago Ondarroako dendak izandako harrerarekin, lehenengo egunetik jendeak ondo hartu dituela baitio. Webguneari dagokionez ere bisitariak badituela dio eta hori dela garrantzitsuena, eskaerak, oraingoz, hainbeste izan ez badira ere. Hau dortoken lasterketa da eta. Orain ahalik eta jende gehienaren belarrietara heltzea dute helburu. Eskaerei dagokienez, paradoxikoki euren merkatu eremutzat Euskal Herria badute ere, Estatu espainoletik iritsi zaizkie eskaera gehientsuenak, hala nola Madril, Galizia, Albacete edo Kataluniatik.
Webgune batek begi bistan «sinplea» dirudien arren, atzetik sekulako lana eskatzen duela dio, Ondarroako dendak ematen duena baino gehiago. Logotipoak berak ere, diseinatzaileekin egitea nahi izanez gero, denbora dezente eskatzen du. Eta zeresanik ez argazkiak eta deskribapenak sartzeak, itzulpenak.... Bien artean egiten dute dena. Dendari dagokionez, asteazken arratsaldetan irekitzen dute, lauretatik zortzietara.
Zein produktu saltzen den gehien galdetuta, oliba-olioa, gurina, eztia, gelak, txokolatea edo teak aipatzen ditu. Hala eta guztiz ere, dendan sartzen diren gehientsuenak aholkuak hartzeko prest izaten direla dio, eta beraz, gomendioen arabera saltzen dituztela produktu asko eta asko. Jendea beti dago arrotzak zaizkion produktuen informazioa jasotzeko prest. Eta kualitate hori da dendaren bereizgarritasunik ederrena, gertutasuna eta iritziak azaltzeko ematen duen aukera. Sarea, berriz, erosketak egiteko asti handirik ez duen jendearengan pentsatuta egin dute, eta produktu bakoitzari ahalik eta azalpen zabalena eransten saiatu dira, informazio eza ekiditeko. Erosketak egiteko denborarik ez duten jendea da erakarri nahi dutena, besteak beste.
Abiatu berri duten proiektua hasiera baten moduan ikusten dutela azaldu du Badiolak, produktuen salerosketa baino elikaduraren mundua baitute gustuko, batez ere produktu ekologikoen normalizazioa ardatz hartuta. Hori guztia aurrerantzean etorriko den esperantzan daude, behin egonkortasun ekonomikoa lortuta. Orain, momentuz, nahikoa lan badute.

Utilizamos cookies propias y de terceros para obtener datos estadísticos de la navegación de nuestros usuarios y mejorar nuestros servicios. Si acepta o continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aquí